Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE): eteteko edo azkentzeko arrazoiak?
News
Items, Ancillary expenditure, Ancillary expenditure
Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) hileroko prestazio ekonomiko bat da nahikoa baliabide ez duten bizikidetza-unitate bateko pertsona eta familien oinarrizko premiei erantzuteko, eta haiei lan- eta gizarte-inklusioan laguntzeko ematen dena.
Aurkibidea:
Aurkibidea:
- DBE: Zer da?
- DBE: Zer ezaugarri ditu?
- DBE: Nori dago zuzenduta?
- DBE: Zeintzuk dira bere betebeharrak?
- DBE: Nola zehazten da zenbatekoa?
- DBE: Eteteko edo azkentzeko arrazoiak?
- DBE: Eskaera eta dokumentazioa
- DBE: Eskaerarekin lotutako beste alderdi batzuk
- DBE: Beste izapide batzuk
Arrazoi jakin batzuk direla eta, DBE jasotzeko eskubidea eten edo azkendu daiteke. Etetearen kasuan, aldi baterako izango da, eta epe horren ondoren berriz hasi daiteke DBE-aren baldintzak betetzen jarraitzen badira edo, bestela, azkendu. Aldiz, azkentzearekin DBE jasotzeko eskubidea izatea uzten da eta eskaera berriro aurkeztu beharko da.
Etetea
DBE eteteak eraginik gabe uzten du prestazio osorako edo horren zati baterako eskubidea, beraz, etendura partziala edo erabatekoa izan daiteke.
Etete-ebazpenak zehaztuko ditu etetearen arrazoia, iraupena eta etendako prestazioaren zenbatekoa, bai eta, hala badagokio, bidegabeki jasotako prestazioak itzultzeko betebeharraren adierazpena ere.
Erabateko etendura
DBE oso-osorik etengo da honako kasuetan:
- Bizikidetza-unitatea premia ekonomikoko egoeran ez dagoenean.
- Titularrak edo bizikidetza-unitateko kideren batek eskubidez izan dezaken pentsio eta prestazio publiko guztiak eskatu ez dituenean.
- Urte naturalaren barruan, bizikidetza-unitateko kide guztiak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi izan direnean 30 egun baino gehiagoz eta 90 egun natural baino gutxiagoz, jarraituak edo ez.
- Ezin denean zehaztu prestazioaren zenbatekoa, interesdunari egozteko moduko arrazoiren batengatik.
- DBE-arekin lotutako prozedura batean, organo eskudunak kautelaz eteten duenean osorik, arrazoituta.
Etete partziala
Bizikidetza-unitateari dagozkion osagarrietako bat eteten da, hau da, osagarri indibiduala edo bizikidetza-unitatearen ezaugarriei lotutako osagarria.
Osagarri indibiduala eteten da honako kasuetan:
- Urte naturalaren barruan, titularrak edo onuradunetako batek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi izan denean 30 egun baino gehiagoz eta 90 egun natural baino gutxiagoz, jarraituak edo ez.
- Titularrak edo onuradunak osorik funts publikoekin finantzatutako egoitza-zerbitzu sozial, sanitario edo soziosanitario bateko aldi baterako plaza bat okupatzen duenean.
- DBE-arekin lotutako prozedura batean, organo eskudunak kautelaz eteten duenean zati batean, arrazoituta.
- Titularrak edo onuradunak justifikaziorik gabe betetzen ez badituzte betebeharrak. Badira arrazoi batzuk zenbait betebeharren ez betetzea justifika dezaketenak.
Bakarrik ez-betetzearen erantzule den pertsonaren osagarri indibiduala etengo da.
Etendura titularraren betebeharrak ez betetzeagatik gertatzen bada, osagarri indibidualaz gain, bizikidetza-unitatearen ezaugarriei lotutako osagarriak ere eten egingo dira.
Etetearen ondorioak
- DBE osorik edo zati batean ordaintzea eten egingo da etetea deklaratzen duen ebazpena eman eta hurrengo hilaren lehenengo egunetik aurrera.
- DBE-aren etenaldiak hilabete, 6 hilabete edo ebazpenak ezartzen duen epea iraungo du.
- Prestazioa etenda egongo da etendura eragin zuten inguruabarrek irauten duten bitartean.
DBE berriz ekitea
DBE ofizioz (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua eskatuta) edo alderdi-eskariz (DBE-aren titularra edo onuradunak eskatuta) berriz ekin daiteke.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua ofizioz berriz ekiten du DBE honako kasuetan:
- Etete-ebazpenak iraupen jakin bat finkatzen duenean.
- Etendura bizikidetza-unitatearen diru-sarrerei zegokien DBE-aren gehieneko zenbatekoa gainditzen zutelako gertatu denean.
Gainerako kasuetan, alderdi-eskariz berriz ekingo da, dagokion Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan edo haren egoitza elektronikoan, edo euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez.
DBE berriz ekiteko, prestazioa etetea eragin zuten arrazoiak desagertuta edo erabakitako etetearen epea amaituta egon behar dira, eta DBE-aren betekizunak betetzen jarraitu behar dira. Bestela, eskubidea aldatu edo azkenduko da, dagokionaren arabera.
DBE berriro jasoko da berriz ekitea eskatzen den egunaren edo eteteko arrazoiak amaitzen diren egunaren hurrengo hilabetearen lehenengo egunetik aurrera. Berriz ekiteak kontrol-prozedura bat hastea eraman dezake betekizunak betetzen direla egiaztatzeko.
Azkentzea
DBE-aren azkentzeak honako hau jasotzeko eskubidea izaten utzi dela esan nahi du.
Azkentze-ebazpenak zehaztuko du azkentzearen arrazoia, eta, hala badagokio, bidegabeki jasotako prestazioak itzultzeko betebeharraren adierazpena ere.
Azkentzearen arrazoiak
DBE azkentzeko arrazoiak honako hauek dira:
- Titularraren heriotza.
- Prestazioa mantentzeko eskatutako betekizunen bat behin betiko galtzea edo titularrarengatik betekizunak betetzen diren zehaztu ezina.
- Titularrak eskubideari uko egitea.
- Ezohiko bizikidetza-unitatearen gehieneko iraupen-epea igarotzea.
- Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala izenpetzeko betebeharra edo hura egiten laguntzeko betebeharra ez betetzea, sei hilabetetik gorako epean.
- Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonalaren suntsiarazpena, hartzaileak uko egiteagatik.
- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo erakunde laguntzaile batek egindako lan-eskaintza bati uko egitea, lan-jarduera borondatez uztea eta lanpostutik borondatez baja ematea, hori justifikatzen duen arrazoirik ez badago.
- Zehapen-prozedura batean emandako ebazpen batek hori ezartzea.
- Funtsezko okerrak, faltsutzeak edo omisioak, erantzukizunpeko adierazpenen eta betekizunak egiaztatzen dituen dokumentazioaren kontrolean detektatuak.
Azkentzearen ondorioak
- Ondorioak sorrarazten dira azkentzearen arrazoiak gertatu eta hurrengo hilabetearen lehen egunetik aurrera.
- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak azkentze-ebazpena emateko unean DBE-aren betekizunak betetzen badira, ez da azkentzea deklaratuko.
- Azkentze arrazoi batzuk ez dute DBE berriro eskatzen uzten urtebeteko epean (lan-eskaintza bati uko egitea, Inklusiorako Programa Integratu eta Pertsonala ez izenpetzea…), edo 2 urteko epean (funtsezko okerrak, faltsutzeak…). Beste batzuetan, berriz, edozein unetan berriro eska daiteke.
Azkentzea pertsona adingabeak barne hartzen dituzten bizikidetza-unitateei eragiten dienean, DBE salbuespenez aitortuko da urtebeterako, betiere alderdi-eskariz eta baldintza batzuk betetzen badira.
Ezagutzen ez dituzun hitz edo kontzeptuak? Erabili gure Glosarioa!
Gaz
Links of interest
https://www.lanbide.euskadi.eus/informazioa/zer-da-rgi/weblan00-content/eu/
https://gaz.eus/resources/diru-sarrerak-bermatzeko-errenta-dbe-zer-da
https://gaz.eus/resources/diru-sarrerak-bermatzeko-errenta-dbe-zer-ezaugarri-...
https://gaz.eus/resources/diru-sarrerak-bermatzeko-errenta-dbe-nori-dago-zuze...
https://gaz.eus/resources/diru-sarrerak-bermatzeko-errenta-dbe-zeintzuk-dira-...
https://gaz.eus/resources/diru-sarrerak-bermatzeko-errenta-dbe-nola-zehazten-...
https://gaz.eus/resources/diru-sarrerak-bermatzeko-errenta-dbe-eskaera-eta-do...
https://gaz.eus/resources/diru-sarrerak-bermatzeko-errenta-dbe-eskaerarekin-l...
https://gaz.eus/resources/diru-sarrerak-bermatzeko-errenta-dbe-beste-izapide-...
https://gaz.eus/search?utf8=%E2%9C%93&q=&country=0&category=5768&...